DMRari buruzko oharrak

2021eko martxoaren 11a

Sarrera

DMR-a Irrati Mugikor Digitalaren ingelesezko akronimoa da [Digital Mobile Radio]. Europako Telekomunikazio Estandarren Institutuak sortu zuen 2005. urtean eta irrati digitalentzat estandar ireki bat da. Teknologia hau irrati komertzialak jomugan diseinatu zen baina gero eta gehiago hedatzen ari da mundu osoko irratizaleen artean.

DMRak baditu hainbat abantaila irrati analogikoen aurrean:

  • Frekuentzia bakar batean bi solasaldi eduki daitezke, batak besteari traba egin gabe, praktikan frekuentzien kapazitatea bikoiztuz

  • Mundu osoko edozein txokorekin hitz egiteko aukera ematen du instalaziorik gabeko irrati batekin, orain arteko enbarazuak leunduz

  • Mezu pertsonalak, eguraldiari buruzko informazioa, eta irratiaren posizioa bidali eta jasotzeko aukera eskaintzen du

  • Bateriak luzaroagoan irauten du erabilera analogikoarekin alderatuz

Kontutan hartu behar da, ordea, DMRa irrati digital estandar bat dela, baina ez bakarra.

Irrati-etxe bakoitzak zer estandar erabiliko duen erabakiko du irrati digital bat sortzerakoan. Batzuek beren estandar propioa garatu dute. Darabilten irrati-estandarrak baldintzatuko du zer saretara konektatu ahal izango diren.

Marka bakoitzak izendapen bat erabiliko du bere irrati digitalak merkaturatzeko: [hobetzeke]

Marka

Izendapena

Estandarra

Sarea

Yaesu

digital

[System] Fusion

YSF

Icom / Kenwood

digital

D-Star

D-Star

Motorola

MotoTRBO

DMR

DMR-Marc / Phoenix

Hytera

DMR

DMR

DMR +

irrati txinatarrak

DMR

DMR

Brandmeister

DMR estandarra darabilten irratiek (Motorola, Hytera edota irrati txinatarrek) DMR sareak erabil ditzakete: Brandmeister, DMR +, DMR-Marc / Phoenix.

Aldiz, Yaesu etxeko irrati digital batek ezin du Brandmeister erabili edo Hytera batek D-Star, estandar desberdinak baitira. [Zubi edo pasarela batzuk existitzen dira baina gune honek ez du kontu hau gehiago garatuko momentuz]

Irrati batzuek estandar digital desberdinak erabiltzeko gai dira: Kenwood NX-5300 irratiak NXDN, DMR eta P25 estandarrak erabil ditzazke, baina ez da ohikoena.

Izan ere badaude gaineko taulan izendatzen ez diren beste irrati digital estandar batzuk ere: adibidez Tetra eta oraintxu aipatutako P25. Motorola eta Tait etxeek ekoizten dituzte besteak beste eta beraien merkatua polizia, larrialdi zerbitzuak eta antzekoak dira. Baita Londresko autobus zerbitzua ere. Errepikagailurik gabeko guneetan irratiek beraiek egiten dute errepikagailu funtzioa sareko nodo bilakatuta, eta zifraketa da hauen berezitasun nagusia.

Beste estandar bat M17 izango litzateke. DMR bera irekia den arren, erabiltzen dituen elementu batzuk ez dira [zehazteke]; Brandmeister sarea ere ez da kode irekikoa. M17 proiektuak erabat ireki eta gardenak ez diren elementu horiek baztertu nahi ditu.

Irrati digital estandar ugari baldin badaude, zergatik da DMRa webgune honek jorratzen duena? Bada, Euskal Herrian ditugun errepikagailuak Brandmeister sareko katebegi direlako, eta Brandmeister sarera konektatzeko DMR irrati bat behar delako. Ipar Ameriketan, Motorola jaun eta jabe den eremuan, DMR-Marc da DMR sare garrantzitsuena.

Brandmeister

DMRa bere osotasunean erabili ahal izateko eta eskaintzen dituen aukera guztiak zukutzeko ezinbestekoa da irratizalea izatea eta erregistro batean izena ematea. Ham Digital edo Radio ID webguneko pausuak jarraitu behar dira eta ordu edo egun gutxitan igorriko dute arduradunek zazpi zifradun ID-a [indikatibo digitala] irratizale bakoitzarentzat; irratizaleak irratia konfiguratzerakoan zenbaki hori erabili beharko du.

Egin ezean, DMR sareek ez diote baimenik emango gure irratiari sarea erabiltzeko. Baina ID horrek gure irratia identifikatu arren, ez du esan nahi guk gure dei ezaugarria [distintivo de llamada / call sign] erabili behar ez dugunik: QSO bakoitzaren hasieran eta amaieran gure burua identifikatzen jarraitu beharko dugu.

Gorago ikusi bezala DMR sistemak zapore desberdinak izan ditzakeen arren eta DMR+ eta DMR-Marc ere erabiltzen badira ere, Brandmeister da irratizale gehien dituen aldaera Euskal Herrian. Sistema aprobetxatu ahal izateko bi osagai dira beharrezkoak: irrati digital bat [argi eta garbi DMR —ez DPMR— eta Tier II dioen bat] eta interneterako sarbidea.

Sarbide hori errepikagailua izan ohi da. Inguruan errepikagailu ugari irrati digitalera moldatu dira. Hala ere gertu errepikagailu bakar bat ere egongo ez balitz, hotspot bat erabiltzeko aukera dago: potentzia mugatuko errepikagailu pertsonalak dira eremu txiki baterako estaldura lortzeko.

Ez dakit beharrezkoa den Brandmeister-en erregistratzea edo Ham Digital webgunean izena ematea nahikoa den, baina hala ere gomendagarria da Brandmeister gunean kontu bat sortzea. Inork, errepikagailu bidez, mezu labur bat bidaltzen badigu sareak formatu egokia eman behar dio mezu horri, irratiaren markaren arabera kodifikatu behar da mezua. Brandmeister-en zehazten da gure irratiaren marka.

Etxe desberdinetako irratiak baditugu, tentazioa izan genezake Radio ID webguneak igorritako bigarren ID bat erabiltzeko —eta Brandmeisterren ID bakoitza irrati marka desberdinarekin konfiguratzeko—; honek ez du ezertarako balioko, errepikagailu bidezko mezuek guri esleitutako lehen ID-arekin bakarrik balio dutelako.

Mototrbo%20CPS%2016Mototrbo CPS 16.0 (828)

CPSa

Irrati digitalak Windows ordenagailuan instalatu behar den programa baten bidez konfiguratzen dira. Software horri CPS deitzen zaio eta programazioa prest dagoenean irratira kable edo bluetooth bidez bidaltzen da. Baina konfigurazioa prestatu baino lehen zer errepikagailu erabiliko den erabaki beharko da. Horretarako Brandmeister sareko sarbideen mapara jo daiteke, baina DMR-Marc edo DMR + erabili nahi izanez gero, EA2CQren mapa bisitatzeak izugarri erraztuko du lana.

Errepikagaluaren igorpen edo transmisio frekuentzia [Tx] irratiaren hartze frekuentzia da [Rx], eta errepikagailuaren hartze frekuentzia, irratiaren transmisio frekuentzia.

Finean etxetik gertu dugun errepikagailuaren frekuentziak eta cc zenbakia [analogikoan subtono litzatekeena] behar dira. Ondoren hizketa-taldearen zenbakia gehitu beharko da eta horren arabera beste datu apur batzuk.

Konfigurazioari codeplug deitzen zaio eta datu guztiak biltzen dituen fitxategi bat baino ez da. Ez ahaztu erregistratzeko webguneak bidali duen ID-a ezartzea dagokion atalean irratiko codeplugean.

Irrati txinatarrek behar duten CPSa CD batean dator irratiarekin batera edo doan deskargatu daiteke markaren webgunetik. Profesionalei begira egindako irratiak konfiguratzeko CPSa, zoritxarrez, ordaindu beharrekoa da, Motorolarenaren kasu, eta ez dira batere merkeak.

TG edo hizketa-taldeak

Mundua eremu desberdinetan banatuta dago irrati digitalean. Irrati-operadorearen nahien arabera eremu konkretu batekin edo bestearekin komunikatzea dago, horretarako zenbaki egokia ezagutzen bada.

Eremu horiek fisikoak, politikoak edota kulturalak izan daitezke. Batzuek kontinente osoak hartzen dituzte, eta beste batzuek ordea hiri konkretu batekin hitz egiteko erabiliko dira. Adibidez, Asiarekin komunikatzeko 94 hizketa-taldea [edo TGa] aukeratu beharko da, eta gaztelera bada ondo moldatzen garen hizkuntza bakarra, 914 hizketa-taldea aproposena litzateke.

Hizketa-taldeei lotuta doazen zenbaki horiek Brandmeister edo DMR-Marc sareen webguneetan aurkitu daitezke, edota errepikagailuaren arduradunari galdetzea dago, batzuk ez baitaude larregi iragarrita, Euskadiren hizketa-taldea kasu: TG 214016.

Hierarkia bati jarraitzen diete eta hasierako zenbakiek estatua zehazten dute. Handitik txikira honako hizketa-taldeak daude:

  • TG 91: mundua

  • TG 92: Europa

  • TG 214: espainiar estatua

  • TG 2142: EA2 barrutia

  • TG 214016: Euskadi

  • TG 21401: Araba

  • TG 9: errepikagailu lokala

Probintzia, erkidego eta barruti bakoitzak hizketa-talde propioa dauka, baina estatu bakoitzean modu batera antolatzen dira eta litekeena da bestelako banaketa izatea. Sareen artean ere desberdintasunak daude, eta nik ez dut oraindik ziurtatu Brandmeister eta DMR-Marc sareek darabiltzaten TGak erabat bateragarriak direnik. Adibidez: DMR-Marc-en Mundua/WordWide TG 1 da, eta Brandmeisterren TG 91; QSO berberak entzungo dituzte sare desberdinetako erabiltzaileek edo bi unibertso paralelo dira?

brandmeisterBrandmeister

TS edo denbora-tarteak

Irrati digitalaren bereizgarri garrantzitsuenetako bat denbora-tarteak dira [TDMA]. Irratiak ahotsa edota datuak pilatu eta zatitu egiten ditu: batzuk lehenengo denbora-tartetik bidaliko ditu eta beste batzuk bigarren denbora-tartetik [TS1 eta TS2 hurrenez hurren]. Horrek frekuentzia bakar batean aldi berean bi elkarrizketa izateko abantaila ematen du. Zatiketa eta ondorengo pilaketa erabat gardena da erbiltzailearentzat, ez da ezertaz arduratu behar.

Hizketa-talde edo TGaren arabera, denbora-tarte bat edo bestea aukeratu beharko da. Orokorrean, TS1 nazioarteko hizketa taldeetarako erabiltzen da: mundua, kontinenteak, hizkuntzak… eta espainiar estatuan Espainiako hizketa-taldea ere bertan emango da.

Bigarren denbora-tartean, ordea, probintzia, erkidego edo barruti konkreturen batean hitz egin nahi bada izango da aproposena. Arau hau gida orokor bat besterik ez da eta errepikagailuaren informazioaren gunean baieztatu beharko da. Behar izatekotan, hutsik dagoen edo erabiltzen ari ez den denbora-tartea erabili.

Islagailuak

Hizketa-talde mordoa badago ere, badago garrantzitsua den bat: TG 9. Lehenengo denbora-tartearekin elkartzen denean [TS1 - TG9] errepikagailua analogikoa zenean bezala erabiliko da, lokalean: elkarrizketa ez da internetera irtengo. Baina TG hori bera bigarren denbora-tartearekin elkartzerakoan [TS2 - TG9], islagailuak konektatu ahal izango ditugu.

Islagailuak [reflector] hizketa-taldeen ispiluak dira. Inor lehenengo denbora-tartea erabiltzen ari bada, bigarrenean konektatu daiteke islagailu bat. Hauek ere zenbaki propioak dituzte: Albaren TGa 2355 eta islagailua 4405.

Denbora-tarte bakoitzean elkarrizketa bat bakarrik gerta daiteke:

  • TS1: TG bat aktibo

  • TS2: TG bat edo islagailu bat aktibo

4723434746_27ab091c51_oDoug Zwick

TG estatiko eta dinamikoak

Hizketa-taldeak estatikoak edo dinamikoak izan daitezke. Errepikagailu baten informazioa aztertzerakoan zerrapo batekin ageri direnak, estatikoak dira. Horrek ez du esan nahi momentu konkretu horretan erabiltzen ari direnik, eta TS horretan beste TG bat erabiltzeko aukera dago; entzun tarte batez libre dagoela baieztatzeko.

Errepikagailuan konfiguratuta ez dagoen hizketa-talde bat pizteko, jo agendara, aukeratu nahi den TGa eta sakatu PTT; edo zehaztu konfigurazioan. TGa hondo hori batean agertuko da, tximista ikur baten atzetik.

TG estatiko-dinamiko

Errepikagailu honetan bi TG estatiko daude: 214 lehenengo denbora-tartean eta 21401 bigarrenean. Gainera, bigarren denbora-tartean TG dinamiko bat dago aktibo. Ez dago islagailurik konektatuta.

Islagailuen kasuan, aktibo badaude, horiz adieraziko dira webgunean. TG eta islagailuen artean, ordea, desberdintasun handi bat dago: hizketa-talde dinamikoak automatikoki deskonektatuko dira denbora jakin bat igarota [10-20 minutu]; islagailuak ez ordea, eta eskuz deskonektatu arte piztuta jarraituko dute.

Garrantzitsua da, beraz, TG dinamikoak edota islagailuak erabiltzeko asmoa duenak ondoko komando hauek ezagutu eta erabiltzea [kontaktu bezala gordetzen dira]:

  • 4000 [Group Call] - piztutako TG dinamikoak itzaliko ditu, bi denbora-tarteetan

  • 4000 [Private Call] - konektatutako islagailuak deskonektatuko ditu

  • 5000 [Private Call] - errepikagailuari zein islagailu konektatuta dagoen galdetuko dio, baten bat konektatuta egotekotan ahotsez erantzungo du zein

Errepikagailu bateko TG estatikoak ezagutzeko, mezu bat bidal dezakegu —errepikagailu horretara konektatuta gaudenean— RPT mezuarekin 262994 zenbakira. Mezu bidez erantzungo du. Bestelako komando batzuk aurrerago daude zehaztuta.

pi star-dashboardPi-Star, aginte-mahaia

Agenda eta kontaktuak

Irratiaren memorian, CPSaren bitartez, kontaktuak gorde daitezke. Kontaktu horiek beste irratizale batzuk izan daitezke hitz egiterakoan beraien indikatiboa edota izena ikusi nahi bada ID digitalaren ordez. Baina badago ere bestelako kontaktu batzuk gordetzea agendan, TGak, islagailuak edota komandoak besteak beste.

Operadoreak nahi duen izen bat, ID digitala, eta dei mota zehaztu behar da agendan: hots, private call edo group call kontaktu bakoitzeko. Aurreko atalean ikusi bezala, dei motak emaitza bat edo bestea eragingo du.

Islagailuak, zerbitzuek [262993…], Echo [9990] eta APRS private call izan behar dute.

Irratiko pantailan momentu horretan hitz egiten ari den operadorearen izena ikusi ahal izateko bere datuak gure irratiko agendan egon beharko dira, bestela zazpi zifradun zenbakia baino ez dugu ikusiko.

Irratien memoria oso mugatua da, batzuek ezin dituzte 256 kontaktu baino gehiago gorde, eta zuhurtziaz erabili behar da agenda.

Irrati profesionaletan oso zaila da kontaktuak inportatzea, eskuz egitea da errazena. Beste irrati batzuetan, teorian kontaktuak esportatzea eta inportatzea posible den arren, arazoak egon daitezke ordenagailuan Microsoft Excel instalatuta ez badugu. OpenOffice eta antzekoek ez dute balio. Irratizaleentzat diren irrati batzuek badute kontaktuak erraz inportatzeko modua CPSaren bidez.

Ba al dago modurik agenda osatu gabe izena ikusi ahal izateko? Errepikagailu batzuetan TA [Talker Alias] aktibatuta dago eta sareak igortzen du, foniarekin batera, irratizalearen izena eta callsing-a. Zoritxarrez, arazoak ematen ditu errepikagailu batzuetan eta ez da ohikoa aktibatuta egotea. Hotspot bat erabiltzen dutenek datu horiek ikusi ahal dituzte Pi-Star-en pantailan —izanez gero— edo aginte-mahaian. [Pi-Star hotspotek erabiltzen duten sistema edo firmwarea da.]

Codepluga

Lan handia bada ere, ezinbestekoa da irratia zuzen konfiguratzeko tartea lortzea.

Lehenik eta behin operadorearen ID digitala ezartzea da gomendagarria, ahaztu ez dadin. Ondoren, eta DMR irratiak profesionalentzat diseinatu direla kontutan hartuz, pribatutasuna edo enkriptatzea itzalita dagoela baieztatu behar da, ez baitago onartuta irratizaleen artean.

Geroago agenda osatzea izango litzateke gomendioa. Esportatu irratiaren agenda —hutsik badago ere—, gehitu nahi beste TG eta kontaktu Excel-en, eta inportatu berriro irratira.

Kontaktu horiekin Rx zerrendak osatu behar dira, hots, irratiak zer hizketa-talde edo TG entzungo dituen. Gomendagarriena TG bakoitzeko Rx zerrenda bat osatzea da, gauzak erraztearren.

Errepikagailuak sartzeko unea iritsi da. Channel izena dute eta bakoitza errepikagailu baten frekuentzien, Rx zerrenden eta kontaktuen konbinazioa da. Entzun edota parte hartu nahi den TG bakoitzeko channel bat sortu behar da. Azkarrena channel bat sortu, komunean dituzten datuak bete eta gero kopiatu eta nahi beste aldiz pegatzea da, erabili nahi diren beste channel sortuz.

Zaldiaraneko errepikagailua erabili nahi izanez gero eta 21401, 214016, 2142, 214 eta 91 TGak erabiltzeko asmoa badago, bost channel sortu beharko dira. Zaldiaran, Urdingain, Arnotegi, Sollube eta Jaizkibeleko errepikagailua erabiliko baldin badira TG horiekin, orduan 25 channel beharko dira.


Errepikagailuetarako

Hotspotetarako

Admit Criteria

Colour Code [Free]

Channel Free

In Call Criteria

Follow admit criteria

Always

Potentzia

altua

bajua

Badago hau guztia sinplifikatzeko modu bat: erabili nahi diren errepikagailu bakoitzeko bi channel sortu, bata TS1 eta bestea TS2 denbora-tarteetarako. Ondoren, irratiko eskuzko markatzea erabili nahi den TGko zenbakia idazteko [edo agendan bilatu] eta PTT sakatu. Irratia itzali arte iraungo du aldaketa honek eta pizten den bakoitzean egin beharko da. Lan gutxiago izan arren, ez da hain txukuna.

Hotspot edo errepikagailu bat baino erabili nahi ez duenak berehala amaituko du. Aldiz, Irunetik Algecirasera bitartean dauden errepikagailu guztiak konfiguratu nahi dituenak, lan izugarria izango du.

TOT [Time Out Timer]: 2 minutuko muga [120 segundu] ezarri beharko litzateke munduko TGetarako, eta 3 minutu [180 segundu] gainontzekoetarako.

Ezinbestekoa da errepikagailuak zone-ren batean sartzea, bestela ezingo dira irratian aukeratu. CPS batzuetan ez dago arazorik, automatikoki sortzen direlako eremu edo zone horiek errepikagailuak gehitzerakoan; beste batzuetan, ordea, aukerako funtzioa dela dirudi eta ez da hain argi ikusten. Zone horietan channel edo kanal digitalak zein analogikoak sar daitezke.

Scan eta Roaming funtzioak konfiguratzea litzateke azken pausoa.

Sinplex

Gehienetan errepikagailuak erabili arren, irrati digitalean ere badago gailu batetik bestera deitzeko aukera. Espainiar estatuan honako frekuentzia hauek adostu ziren:

Frekuentzia

Izena

Banda

TG

TS

CC

145.375 MHz

CQDVHF

VHF

99

1

1

145.3875 MHz

S1-VHF

VHF

99

1

1

145.400 MHz

S2-VHF

VHF

99

1

1

144.900 MHz

SOTA-V

VHF

99

1

1

433.450 MHz

CQDUHF

UHF

99

1

1

433.775 MHz

S1-UHF

UHF

99

1

1

438.025 MHz

S2-UHF

UHF

99

1

1

438.0375 MHz

S3-UHF

UHF

99

1

1

438.050 MHz

S4-UHF

UHF

99

1

1

Roaminga

Irrati batzuk seinale indartsuena duen errepikagailua aukeratzeko gai dira euren kabuz. Motorola eta Hytera dira aukera hau eskaintzen duten irrati gehienak.

Hasteko Roaming zerrenda bat sortu. Ondoren, codepluga moldatzerakoan, aukeratu roaming zerrenda scan/roam atalean, eta aktibatu “IP site connection" eta ARS "on system / site change" aukerak.

Roaming zerrenda TG-ka egin behar da, irratiak TG konkretu bat erabiltzeko errepikagailu egokiena bilatuko duelako. Roaming zerrenda bat TG214 izan daiteke, TG hori espainiar estatuko errepikagailu gehienetan dagoelako TS1ean. Roaming zerrenden beste adibide bat TG21401 izan daiteke, Arabako TGa Arabako errepikagailu guztietan dagoelako ezarrita (roaming zerrendan Arabako errepikagailuak sartuko genituzke bakarrik).

Batzuetan amorragarria izan daiteke funtzio hau uneoro dabilelako errepikagailu bila. Ahal bada, konfiguratu irratiko botoietako bat roaming-a nahieran piztu eta itzaltzeko funtzioarekin.

Erabilgarria izan daiteke autoan doazenentzat.

Komandoak

Kontaktua

Mezua

Emaitza

262993

WX

Errepikagailuaren tokiko eguraldia jaso

262993

WX 01010, ES

Helbideko eguraldiaren iragarpena jaso

262993

WX GPS

Irratiaren tokiko eguraldia jaso

262993

METAR LEVT

Aireportuko eguraldiaren iragarpena jaso

262993

GPS

Momentuko posizioa jaso

262993

GPS SET

Posizioa HOME bezala gorde

262993

GPS HOME

HOME posiziotik dagoen distantzia jaso

262993

GPS RPT

Gertuen dauden bost errepikagailuak

262993

POS

Posizioa bidali (Motorola bakarrik)

262995

INBOX

Bidali dizkiguten mezuak ikusi

262995

GET

Bidali dizkiguten mezuak ikusi

262994

RPT

Errepikagailuko TGak ikusi

262993

RSSI

S-mailen txostena

262993 & 262995

ECHO

Zerbitzua zuzen konfiguratu dugula baieztatu

262993

HELP

Zerbitzuari buruzko informazioa jaso

Hau da DMRari buruz dakidan apurra. Ez da asko eta akatsak egongo dira baina inori baliagarria bazaio, har dezala; eta zuzendu nahi badu, adieraz diezadala. Ikasi ahala eguneratzeko ahalegina egingo dut.

Harremana

QSL eMail

Irratiamateurra, euskaraz

EH2EUS ekimena

Bisitarien pribatutasuna

Webgune honek bisitariei jarraipena egiteko sistema propioa darabil webgunearen erabilera estatistikoki neurtu ahal izateko. Ez dauka helburu komertzialik eta jasotako datuak ez dira hirugarren enpresen eskuetara igarotzen. Azalpen gehiago hemen.