FT8 seinale oso ahulak transmititu eta entzuteko gai den irrati-amateur modu digitala da. Mikrofono edo CW palen ordez, ordenagailu* bat behar da erabiltzeko. WSJTX* programaren bidez kontrolatzen da mezu jarioa.
Irratia eta ordenagailua kable bidez konektatzen dira*. Ondoren irratia eta programaren arteko lotura egiaztatu behar da programaren ezarpenetan. Aukera ugarien eraginez, zaila izan daiteke lehenbiziko konfigurazioa ezartzea. Hoberena interneten irrati konkretu batentzako ezarpenak bilatzea da. IC-7300 irratiaren kasuan bideo honek lagundu dit gehien.
* FT8 ez da irrati-amateur modu digital bakarra eta WSJTX ez da programa bakarra, baina ezagunenak eta erabilienak dira. Ordenagailua ere ez da beharrezkoa, badago FT8 Radio izeneko aplikazioa Android mugikorrentzat. Kableak konektatu beharrean, gailuen arabera, bluetooth erabiltzea ere posible izango litzateke.
Hala ere arazo batzuk gerta daitezke. Ohikoenak:
Irratian ALC gehiegi agertzen bada (marratxo bat baino gehiago, batzuen arabera), jaitsi Power dioen eskala WSJTX programaren eskumako aldean.
WSJTX programaren ezkerraldean dagoen dB eskalan berdea ez den beste kolore bat ageri bada, ordenagailuaren edo irratiaren bidez aldatu daiteke:
Mac-en kasuan ez dakit nola egin ordenagailuan. Agian audio irteera USB Audio Codec aukeratu eta bolumena aldatu -> Honek ALCa jaisteko balio du, eskumako kontrolarekin batera.
Irratian > Menu > Set > Function > REF Adjust > %23 inguru.
Nire kasuan %50etik 23ra jaitsi behar izan dut.
FT8a erabiltzerakoan bi denbora-tarte bereizten dira: jasotzekoak eta transmititzekoak; X:00 eta X:30 alde batetik, eta X:15 eta X:45 bestetik. TX even / 1st dioen kaxak kontrolatuko du zein denbora tarte erabiliko den emititzeko:
TX even
Transmisio-ordua
klikatuta
X:00 eta X:30
klikatu gabe
X:15 eta X:45
Besteen deiei erantzutea helburu badugu, euren CQ mezuaren ordua aztertuko dugu. Zeron amaitzen bada, guk TX even / 1st klikatu gabe izan beharko genuke erantzuteko; aldiz, euren mezua bosten amaitzen bada, kaxa klikatuta eduki beharko genuke (automatikoki egiten duela uste dut). Bestela, bi operadoreek aldi berean emititzen badute, ezingo da QSOa gauzatu.
Erantzun nahi dugun mezuaren ordua
TX even
0-n amaitzen da
klikatu gabe
5-en amaitzen da
klikatuta
Erantzun ordez CQ deitzea erabakitzen badugu, WSJTXeko urjauziari erreparatu eta bilatu libre dagoen frekuentzia tarte bat. Marka gorria bertan jarri behar dugu. Besteen deiei erantzun ondoren, oso litekeena da emisio frekuentzia ez aldatzea, eta besteen deien gainean transmititzea.
Norbaiten CQari erantzuten ari bagara, ordea, ordenagailuak emitituko du automatikoki tarte egokian, hots, hasierako operadorea CQ deitzen ari den frekuentzian.
Irratia FT8aren frekuentzian jarri behar da hasieran (7.074 Hz adibidez), programa irekitzerakoan, baina ondoren guztia egiten da ordenagailu bidez. Irratiko diala ez da eskuz aldatu behar.
Call 1st aktibatuta badugu, gure CQ deiari erantzun dion lehenengo operadoreari itzuliko dio deia. Erantzun ugari jasotzen ari bagara eta ordenagailuaren ordez guk geuk erabaki nahi badugu nori erantzun, Call 1st desaktubatu beharko litzateke eta horren ordez eskuz aukeratu nahi den estazioa eskumako leihotik.
Lehio horretan horiz ageri dira guk bidaltzen ditugun mezuak, eta gorriz gure dei-ezaugarria aipatzen duten deiak. Zuriz ikusiko ditugu frekuentzia berean gertatzen ari diren gainerako QSOak.
Band activity dioen leihoan, laranjaz ikusiko ditugu grid horretan kontakturik eduki ez ditugun operadoreen dei-ezaugarriak; berdez aurretik beraiekin hitz egin badugu; eta urdin argiz grid horretako norbaitekin hitz egin badugu, baina ez operadoren horrekin berarekin.
Kolore gehiago daude, eta guztiak ikusi eta alda daitezke WSJTX programaren ezarpenetan.
Nahi gabe beste batzuen QSOan ez sartzeko, aukera egokia izan daiteke ezkerreko leihoaren ezkerreko aldean ageri den CQ only aktibatzea.
Modu digitalak hotz samarrak dira komunikazio guztia gailuen esku uzten delako. Ez dugu operadorearen ahotsik entzungo baina R-S[-T] fidagarriak jasoko ditugu, ez 5-9 bakarrik 😉
Deiei buruzko informazio apur bat gehiago lortzeko, GridTracker izeneko programa erabil dezakegu. Berari esker, trukatzen ari diren deien sorterria eta helmuga ikustea dago. Kokapena gutxi gorabeherakoa da baina lagungarri izan daiteke eremu konkretu bateko operadoreekin izan nahi baditugu QSOak.
Adi! GridTrackerrek ere koloreak darabiltza, baina ez datoz bat WSJTX programak erabiltzen dituen gidalerroekin.
Webgune honek bisitariei jarraipena egiteko sistema propioa darabil webgunearen erabilera estatistikoki neurtu ahal izateko. Ez dauka helburu komertzialik eta jasotako datuak ez dira hirugarren enpresen eskuetara igarotzen. Azalpen gehiago hemen.